2025/10/28
Tabakalerak sektoreko dozenaka profesional hartuko ditu Penintsulako artxibo filmikoen egungo eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko
Euskadiko Filmategiak Iberiar Filmategien IX. Topaketa antolatuko du azaroaren 4an eta 5ean Donostian. Bi jardunaldi horietan, sektoreko profesionalek Penintsulako artxibo filmikoen orainaren eta etorkizunaren erronkei buruz eztabaidatuko dute, lan-metodoak, proiektuak eta esperientziak partekatzeaz gain.
Topaketa hasteko, ongietorria egingo dute Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Edurne Ormazabal Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusiak eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak. Ondoren, Carlos F. Heredero zine kritikariak inaugurazio hitzaldia emango du. José Antonio Hurtado Álvarezek, Filmoteca de Valenciako Programazio arduradunak, filmotekek zineman duten presentziaz hitz egingo du; eta Tiago Baptistak (Cinemateca Portuguesako Kontserbazio Saileko zuzendaria), Javier Rellánek eta Laura Carrillok (Filmoteca Españolako Kontserbazio Zerbitzuko burua eta Dokumentazio Zerbitzuko burua, hurrenez hurren), Rosa Cardonak eta Mariona Bruzzok (Filmoteca de Catalunyako kontserbatzailea eta Kontserbazio eta Zaharberritze Zentroko burua) babes-digitalari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko dute. Jarraian, María Teresa Conesak (Filmoteca de Castilla y Leóneko zuzendaria) 16 mm-tan filmatutako Euskal Herriko hiru film berreskuratzeko lankidetza-lan bat aurkeztuko du. Eguna amaitzeko, Euskadiko Filmategiaren, Elías Querejeta Zinema Eskolaren (EQZE) eta Tabakaleraren instalazioetara bisita gidatu bat egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gainera, hil berri den Mirentxu Loyarteri omenaldi txiki bat egingo zaio Ikuska 12: euskal emakumeak (1981) emanaldiarekin, eta Mallorca (Agustí Villaronga, 1986) eta En el balcón vacío (José Miguel -Jomi- García Ascot, 1961) lanak ere proiektatuko dira, azken hori Luis Juárez zaharberritzaileak aurkeztua.
Azaroaren 5ean, Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Saileko Silvia Casagrande eta Ion Lopez familia-irudien dokumentazioaz eta sarbideaz arituko dira; Mayte Méndez eta Laura Carrillo (Filmoteca Españolako Dokumentazio sailekoak) NO-DO proiektuari buruz solastuko dira; Clara Sánchez-Dehesa eta Carolina Cappa (EQZEko Artxibo eta Ikerketa saileko koordinatzaileak) Elías Querejeta Zine Eskolari buruz; eta Irati Crespo (Donostia Zinemaldia) hark koordinatzen duen Artxiboa proiektuaren inguruan.
Filmoteca Españolako Noelia Sastre (Funts Zinematografikoaren arduraduna) Next Generation funtsekin egindako digitalizazio-proiektuei eta baita erakunde pribatuekin egindako kolaborazioei buruz ere arituko da. Bestalde, Santiago Aguilarrek (EQZEko ZINEBI proiektuaren ikertzailea) eta Ferrán Alberichek eta Juan Sotok (Filmoteca de Catalunya) ZINEBIren gordailuaz eta zinema katalanaren historia iraunkorraz hitz egingo dute, hurrenez hurren.
Marian del Egidok eta Valeria Camporesik (kontserbatzailea eta ikertzailea eta Filmoteca Españolako zuzendaria, hurrenez hurren) 1952 eta 1990 artean emakume zinemagileei buruz egindako ikerketaren emaitza azalduko dute; Ángel Cruzek (Filmoteca de Murciako zuzendaria), berriz, Francisco Rabalen jaiotzaren mendeurreneko ekitaldiak eta zaharberritze lan bat aurkeztuko ditu. Jardunaldiari amaiera emateko, Klasikoak zikloari buruzko hitzaldia emango dute Joxean Fernándezek eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan, Iberiar Filmategien IX. Topaketa La torre de los siete jorobados (Edgar Neville, 1944) proiekzio publikoarekin bukatuko da; Filmoteca Españolako zuzendari Valeria Camporesik aurkeztuko du.
PROGRAMA
2025/11/04
11:00 Ongietorri agurra: Edurne Ormazabal (Tabakalera) + Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia) + Urkiri Salaberria (Eusko Jaurlaritza)
11:30 Inaugurazio-hitzaldia: Carlos F. Heredero
13:00 José Antonio Hurtado Álvarez (Filmoteca de Valencia): Filmategiak irudietan. Aretoaren iluntasunean ikusgai bihurtzea
15:30 Babes-digitalaren buruzko mahai-ingurua:
15:30 María Teresa Conesa (Filmoteca Castilla y León): Filmategien arteko lankidetza-ekimenak. Berreskuratze-proiektu bateratuak
17:30 Euskadiko Filmategira, Elías Querejeta Zine Eskolara eta Tabakalerara bisita gidatua
19:00 Proiekzioak parte-hartzaileentzat soilik:
05/11/2025
9:00 Ion Lopez + Silvia Casagrande (Filmoteca Vasca): Irudi familiarren dokumentazioa eta eskura-jartzea. Memoria pribatutik ondare kolektibora
9:45 Mayte Méndez + Laura Carrillo (Filmoteca Española): NO-DO proiektua: ikerketarako eta artxiborako aukera bat
10:30 Clara Sánchez-Dehesa + Carolina Cappa (Elías Querejeta Zine Eskola): EQZE, ikerketa eta zaharberritze Zentroa
11:00 Kafea: Nabea
11:30 Irati Crespo (Donostia Zinemaldia): Artxiboa astindu: historiaurreko kobazulotik tabako-fabrikara. Donostia Zinemaldiaren artxibo-proiektuaren ibilbideak
12:00 Noelia Sastre (Filmoteca Española): Europako Next Generation funtsekin digitalizazio proiektua. Filmoteca Españolako artxibo eta museo bildumak
12:30 Santiago Aguilar (EQZE): ZINEBI: artxibo fotokimiko baten berpiztea
13:00 Miguel Ángel Escuin + Sara Prieto (Filmoteca Española): Berlangaren barnealdea. Zabalkundea eta jardunbide egokiak lankidetza publiko-pribatuan
13:30 Asanblea
15:30 Ferrán Alberich + eta Juan Soto (Filmoteca de Catalunya): Kataluniako zinemaren historia iraunkorra: hedapen digitaleko proiektua
16:15 Marian del Egido + Valeria Camporesi (Filmoteca Española): Hiru aldiz errebeldea: emakume zinemagileak 1952 eta 1990 artean
17:00 Ángel Cruz (Filmoteca Murcia): ´Mister Yo en la Vega Murciana´ (José Gallego, 1929) zaharberritzearen eta Francisco Rabalen jaiotzaren mendeurreneko jardueren aurkezpena
17:30 Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia) + José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldia): ´Klasikoak´, Euskadiko Filmategiaren eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetza paradigma gisa
19:00 Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean txertatutako proiekzio publikoa: La torre de los siete jorobados (Edgar Neville, 1944). Aurkezpena: Valeria Camporesi (Filmoteca Española) + Christian Franco (Filmoteca de Cantabria)