Euskadiko Filmategiak ´Guipúzcoa´ (Pío Caro Baroja, 1979) proiektatuko du Tabakaleran, bi emanaldi berezitan

2025/11/10

Euskadiko Filmategiak ´Guipúzcoa´ (Pío Caro Baroja, 1979) proiektatuko du Tabakaleran, bi emanaldi berezitan

Ekimen hau Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatua da, Ipuscua hitza lehenbizikoz agertu zela mila urte bete izana ospatzeko ekitaldien barruan

Euskadiko Filmategiaren sail teknikoak digitalizatu du dokumentala, eta 70eko hamarkadaren amaierako lurraldeko ohiturak erakusten ditu

Euskadiko Filmategiak Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979) dokumentala proiektatuko du azaroaren 23an eta 30ean (18:00) Tabakaleran, bi emanaldi berezitan. Ipuscua izena lehenbizikoz agertu zela mila urte bete izana ospatzeko antolaturiko ekitaldien barruan emango dute filma, Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolaturiko ekimen baten barruan.

Filmak 3 ordu eta 45 minutu irauten du (112 eta 95 minutuko bi emanalditan proiektatuko dute, hurrenez hurren, euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin). Pelikula 1976 eta 1979 artean filmatu zen, eta garai hartako Gipuzkoako errealitate sozial eta kulturala jasotzen duen dokumentu etnografiko bat da.

Donostiako Aurrezki Kutxak enkargatu zuen dokumentala, finantza-entitatearen mendeurrena zela medio, eta Documentos Culturales de Euskadi (Euskadiko Kultur Dokumentuak) sailean sartu zen. Zortzi partetan dago banatuta: Gizona, Harria, Belardiak, Zuhaitza, Nekazaritza, Burdina, Itsasoa eta Hiriak.

Gidoia Pío Caro Barojak berak idatzi zuen, bere anaia Julio Caro Baroja antropologo eta historialariaren laguntzarekin. Francisco Sánchez, Enrique Benet eta Enrique Díaz izan ziren argazki-zuzendariak; musika-aukeraketa eta gaztelaniazko narrazioa Javier Bello-Portuk eginak dira, eta euskarazko narratzailea, berriz, María Dolores Agirre izan zen. Muntaia Guillermo S. Maldonadok egin zuen, eta Iñaki Beobide izan zen soinu-arduraduna. Filmak parte-hartzaile gehiago ere izan zituen: Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoa, Manuel Lekuona idazle eta ikertzailea, Fermin Leizaola etnografo eta idazlea eta Jesus Altuna antropologo eta arkeologoa, besteak beste.

2005ean, Kutxa Fundazioak DVD bat argitaratu zuen Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan: filma bera ez ezik, Pío Caro Barojari eginiko 18 minutuko elkarrizketa bat ere bildu zuten. Egileak elkarrizketa hartan azaldu zuenez, dokumental “ireki” bat egitea izan zen asmoa, bai eta “gure arbasoek egindakoaren ideia sinple bat eskaintzea” ere, “bakoitzarentzat baliagarria izan dadin bere garapen pertsonalerako”.

Filma Euskadiko Filmategiaren sail teknikoak digitalizatu du, bere artxiboan gordeta dagoen kopia batetik abiatuta. Lanaren gaineko eskubideak, berriz, Kutxa Fundazioarenak dira.

Abenduaren 10etik aurrera, Kutxa Fundazioaren eta Euskadiko Filmategiaren webguneetan ikusi ahal izango da dokumentala.

Ikusi zikloa

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.