Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Krzysztof Kieslowskiri eskainitako Nosferatu ziklo berria aurkeztu dute

2015/10/06

Atzera begirakoa bihar (urriak 7) abiatuko da eta maiatzaren 18ra arte luzatuko da.

Bihar, urriak 7, abian jarriko da Krzysztof  Kieslowski zinemagile poloniarrari eskainitako atzera begirakoa. Ziklo hau Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Donostia 2016 Elkarrizketak egitasmoaren eta Poloniako Kultura Institutuaren lankidetzarekin. Atzera begirako hau Tabakalerako zinema-aretoan proiektatuko da osorik, eta maiatzaren 18ra arte luzatuko da. Ohikoa denez, bi liburu argitaratuko dira: La doble vida de Krzysztof Kieslowski (Joanna Bardzinskak koordinatua, Poloniako eta Espainiako adituen ekarpenak hartzen ditu) eta Krzysztof Kieslowski. Halabeharra, etika eta bigarren aukera, Iñaki Lazkanok idatzia.

Guztira 23 saio izango dira, eta inaugurazio egunekoa izan ezik, kronologikoki proiektatuko da zuzendari poloniarraren lan guztia (26 film labur eta 23 film luze). Saioak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 3,50 euro balioko du. Era berean, zikloaren abonua (emanaldi guztiak eta bi liburu barne) 55 euroren truke eskuratu ahal izango da. 

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.