´Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi´ liburua aurkeztu du Euskadiko Filmategiak

2015/09/23

Euskadiko Filmategiak “Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi” liburua aurkeztu du UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan 2014eko uztailaren 2tik 14era antolatu zuen Kongresuaren emaitzekin. Argitalpenaren aurkezpen-ekitaldian honakoek hartu dute parte: Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia), Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritza), Patxi Presa (Gipuzkoako Foru Aldundia), Fernando Álvarez (Donostia/San Sebastián 2016 Fundazioa), Xabi Puerta (SGAE), Michel Gaztambide (DAMA) eta Asier Altuna (zinemagilea).

Bilkura hartan izandako hitzaldi eta mahai inguruen transkripzioekin liburua osatu du Filmategiak. Gaur egun aldi berean lanean diharduten zinemagileen presentzia eta haien arteko elkarrizketak-eztabaidak dira liburuaren ardatz nagusia. Trantsizio garaitik hona inoiz ez da horrenbeste zinemagile, ikertzaile, aditu eta zaletu elkartu euskal zinemaren inguruan hausnartzeko, eta liburu hau gogoeta horien emaitza da.

Euskadiko Filmategitik aukera bikaina baliatu zen haien ibilbideari buruz zinemagileekin beraiekin hausnarketa egiteko, eta orokorrago eta arlo akademikoan, euskal zinemaren hainbat arlo aztertzeko: historia, jatorriaren inguruko eztabaidak, industria, nortasun nazionala, euskara, generoari buruzko eztabaidak, nazioartekotasuna, Kimuak programaren garrantzia, Zinemaldiarena, abangoardiak, norabide aldaketak eta eboluzioak, kritikaren ikuspuntua eta abar.

Euskal zinemagile onentsuenetako askok Euskadiko Filmategiari Kongresuan parte hartzeko eman zioten baiezko erantzuna izugarria izan zen: Miramar Jauregian izandako kongresuan izan ziren: Montxo Armendáriz, Ana Díez, Pedro Olea eta Imanol Uribe; Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro, Helena Taberna eta Enrique Urbizu; Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera eta Pablo Malo.

Kongresuan izan ziren hemeretzi hitzaldiak jasotzen ditu eta baita bost mahai-inguruen transkripzioak ere: zinemagileen hiru belaunaldietakoa, bat industria zinematografikoari buruzkoa eta kritikari buruzkoa azkena.

Euskadiko Filmategiak (Eusko Jaurlaritzak diruz babestutako erakundea) Kongresu hau antolatu ahal izan zuen Eusko Jaularitzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia 2016ren laguntzarekin, eta Donostiako Zinemaldiaren eta EHUren elkarlanarekin. Liburuaren argitalpenerako, gainera, SGAE Fundazioa eta DAMA batu ziren proiektura.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.