2015/04/24
María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio saileko irakasleak eta Rob Stone Birminghaneko Unibertsitateko Zinema Saileko katedradunak idatzitako ´Cine vasco: una historia política y cultural´ liburua aurkeztu zuten atzo Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean.
Aurkezpen-ekitaldian izan ziren, besteak beste, liburuaren egile María Pilar Rodríguez eta Rob Stonen emaztea (senarraren ordezkari gisa, azken orduan izandako ustekabe baten ondorioz); Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Jose Mari Goenaga 80 egunean eta Loreak filmen zuzendaria Jon Garañorekin batera, eta Cristina Ortiz, Wisconsineko Unibertsitateko katedraduna.
Liburu honek euskal zinematografiaren erabateko ikerketa burutzen du, bere garaiak, obra esanguratsuenak, zinemagileak eta erakundeak aztertuta. Gainera, Euskal Herriko historia hurbilean jazotako auzi historiko, politiko eta kulturalen, eta jarduera filmikoaren arteko lotura ikertzen ditu. Era berean, ikerketa bibliografikoa, oinarrizko obren azterketa mamitua eta euskal zinemaren historiako protagonistei egindako elkarrizketak uztartzen ditu argitalpenak.
Rob Stone Birminghaneko Unibertsitateko Zinema Europarreko zuzendaria eta katedraduna da, eta Zinema eta Sortze-idazketa Saileko irakasle gisa eta B-Film (The Birmingham Centre for Film Studies) egitasmoaren zuzendari bezala lanean dihardu.
María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakaslea eta Komunikazio arloko ikerlari-taldeko ikerlari nagusia da.