2016/03/02
´Euskal ondarea pantailara´ zikloaren baitan izango diren emanaldiak martxoko ostegunetan burutuko dira, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan.
Euskadiko Filmategiak Tabakalerako egoitza berria duenetik, lehen aldiz proiektatuko ditu erakundeak kontserbatzen dituen ikus-entzunezko gordailuak. Martxoan Euskal ondarea pantailara izenburupean bost film erakutsiko dira lau saiotan banatuta. Euskadiko Filmategiak, bere sorreratik, euskal ikus-entzunezko ondarea jaso, gorde, kontserbatu, klasifikatu eta zaintzeko ardura izan du. Hala ere, egoitza berria eta zinema aretora duen unetik, ondare hori erakustera ere behartuta dago. Orain arte zinema klasikoari (Mitxelenarenak), zuzendari bati (Víctor Erice) edo gai konkretu bati (Katrina 10 urte ondoren) eskaini badizko zikloak, martxoan euskal ikus-entzunezko ondareak hartuko du Tabakalerako zinema aretoaren pantaila.
Iaz zendutako Pío Caro Baroja zuzendariaren Navarra, las cuatro estaciones (Pío Caro Baroja, 1971) filma ikusi ahal izango da. Euskal folkloreari eta etnografiari buruz egin zituen filmak gogoangarriak dira El carnaval de Lanz edo Gipuzkoa lekuko. Zikloa hasteko, Nafarroari buruz egin zuen filma izango da proiektatuko dena. Nabarmentzekoa da ere, Julio Caro Baroja anaia izan zuela gidoilari lanetan.
José Antonio Sistiaga margolaria izango da ondareari eskainitako zikloaren bigarren saioko protagonista Ere erera baleibu izik subua aruaren (José Antonio Sistiaga, 1968-1970) filma ikusi ahal izango da martxoaren 10ean. Donostia 2016 Fundazioarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean antolatutako proiekzioa izango da. Eskuz margotutako 108.000 fotogramaz dago osatuta filma. Teknika honekin egindako film antzindarietako bat izan zen eta lehendabiziko film luzea.
Martxoaren 17an zinemagile amateurrei omenaldia egingo zaie Iñigo Kintana zuzendariaren MAQ, generación 8mm. filmaren estreinaldiarekin. Bere aita denari, Miguel Ángel Quintanari omenaldia den film honek, belaunaldi berean 8mm. eta Super-8mm. formatuetan zine amateurra egin zuten zinemagileei ere gorazarre egiten die.
Ondareari buruzko zikloa bukatzeko bi film aukeratu ditugu. Alde batetik, Sinfonía Vasca (Adof Trotz, 1936). Gerra Zibila hasi aurretik Euskal Herrian errodatutako azken filma den hau galdutzat ematen zen. Zorionez, Andoni Elezcano ikertzaileak Filmoteca Españolako artxiboan topatu zuen 2013an. Film labur hau izango da martxoaren 31ko lehen zatia. Beste aldetik, iaz estreinatu zen Gure sorlekuaren bila (Josu Martínez, 2015) filma ikusi ahal izango dugu. Josu Martinez zinema zuzendari eta ikertzaileak euskaraz egindako lehen filma aurkitzeko izan zituen gorabeherak kontatzen dituen dokumentala da.
Proiekzio guztiak Tabakalerako zineman 19:00etan izango dira eta sarrerak 3,50 euroko prezioa izango du. 25 urtetik beherako gazteek, proiekzio egunetan 18:30etik aurrera, txartel-leihatilan nortasun agiria erakutsita doako sarrera izango dute.