Pedro Miguel Etxenikek Espartaco filma aurkeztuko du Euskadiko Filmategian

2016/02/24

“Gustukoena” emanaldien bigarren saioa izango da otsailaren 25ean, osteguna, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan.

Pedro Miguel Etxenike fisikaria izango da “Gustukoena” emanaldien bigarren saioko protagonista. Fisikariak Espartaco –Spartacus- (Stanley Kubrick, 1960) filma aukeratu du. “Gustukoena” egitasmoan, euskal gizarteko pertsonaia ezagunek haien film gogokoena edo zine ikusle gisa zirrara sorrarazi diena aukeratzen dute. Kasu honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradunak Espartaco –Spartacus- (Stanley Kubrick, 1960) aukeratu du. Stanley Kubrick-ek zuzendutako filma zinematografiaren klasiko bat bilakatu da dagoeneko.

Espartaco –Spartacus- (Stanley Kubrick, 1960) Howard Fast-en eleberrian dago oinarrituta eta haren protagonistak Kirk Douglas, Laurence Olivier, John Gavin, Jean Simmons, Charles Laughton, Peter Ustinov eta Tony Curtis dira. Film honek lau Oscar sari jaso zituen 1961ean: bigarren mailako aktore onenari –Peter Ustinov-, arte eta eszenografia zuzendari onenari, argazki onenari eta jantzitegi onenari.

Pedro Miguel Etxenike da “Gustukoena” emanaldien bigarren saioko gonbidatua, Iñaki Gabilondoren ondoren (Matar un ruiseñor filma aurkeztu zuen abenduaren 22an). Etxenike Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioaren presidentea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedraduna da Materia Kondentsatuaren Fisikan.

Filma jatorrizko bertsioan proiektatuko da gaztelaniazko azpitituluekin eta sarrerak (3,5 euro) salgai daude dagoeneko Tabakalerako informazio puntuan. 18:30etik aurrera leihatilara agertzen diren 25 urtez azpiko lehenedabiziko 25 gazteek doako sarrera izango dute haien NANarekin ziurtatzen badute ez dituztela oraindik 25 urteak bete.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.