Ana Díezek Euskadiko Filmategiaren saria jaso du

2026/09/22

Ana Díezek Euskadiko Filmategiaren saria jaso du

Donostia Zinemaldia (Gari Garaialde/Josune Martinez de Albeniz)

Zuzendari nafarrak Euskal Zinemaren Galan jaso du gaur saria, Donostia Zinemaldiaren baitan Victoria Eugenia antzokian antolaturiko ekitaldian

Bihar (irailak 23, 18:00etan), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) emango dute Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin zaharberritu duten bertsioan

Ana Díezek Euskadiko Filmategiaren saria jaso du gaur Donostia Zinemaldiaren baitan antolaturiko Euskal Zinemaren Galan, Victoria Eugenia antzokian. Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak eman dio saria zuzendari nafarrari, ibilbidea saritzeko.

Ana Díezen hitzetan, aitortza hori “ohorea” eta “mugarik gabeko plazera” baino gehiago da. “Nire lehen eta azken filma Mexikon garatuak dira erabat; zuzentzen ausartzera bultzatu ninduten oinarrizko nozioak irakatsi zizkidaten herrialdean, alegia. Gainerakoak, osorik edo partez, lurralde natiboago batean egin ditut, begiak zabaltzen dituzunean lehen inprimazioa ematen dizun horretan. Guztiek dute harremana, batzuetan inkontzientea, ingurumari hauekin, maite izan ditudan izen asko ibili diren lur eta parajeokin. Atsegin dut belaunaldi berriak adoretzea, gaur egun kontatutako istorioetan arakatuz erreparatu diezaioten gure iraganari. Ander eta Yul Bolonian zaharberritzeko prozesuak kontakizuna berpiztu zidan; sentsazio hori izan nuen”, gaineratu du.

Fernándezek, berriz, errealizadore nafarraren lanaren garrantzia azpimarratu du: “Gure emakumezko aitzindaria da film luzeak zuzentzen. Ander eta Yul mugarri bat da euskal zinemaren historian. Oro har, intimismoa, historia, politika, hezkuntza, ozeanoz haraindiko bidaiak, indarkeria, maitasuna, hezkuntza eta paradisu galduak ageri dira Díezen filmek aurkezten diguten esparruan. Eta, zuzendaritzan ez ezik, irakaskuntzan ere zaildua denez, iruditzen zaigu sari honekin gure zinemagintzako zinezko irakasle bat aintzatesten dugula”.

Euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omentzen ditu Filmategiko sariak, eta, besteak beste, zuzendari hauek saritu ditu beste urte batzuetan: Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano.

Galan izan dira, euskal kulturako beste pertsona batzuen artean, Imanol Pradales lehendakaria; Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Jon Insausti, Donostiako alkatea; Vanesa Fernández, EITBko Euskara eta Kultura zuzendaria; eta Joselu Blanco, EITBko Programazio arduraduna. Ekitaldi honetan, EITBk Egile Berriak saria eman dio Alberto Gastesi zinemagileari; Alauda Ruiz de Azúak Gidoi + SGAE saria jaso du Euskal Herriko gidoilari onenari Los domingos lanagatik, eta EZAEk ere saritu du, zinemara ikusle gehien eraman duen euskal filma izateagatik. Halaber, Euskal Aktoreen Batasunak EAB Distira Saria eman dio Aitziber Garmendiari, eta Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk Jose Ramon Soroiz saritu dute Zinemira sariarekin.

 

ANDER ETA YUL FILMAREN EMANALDIA TABAKALERAN

Bihar (irailak 23, 18:00etan), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) emango dute Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu duten bertsioan. Hala, bihar emango da Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean, 4Kn, euskal zinematografiako obra garrantzitsu hau. Hain zuzen, Donostia Zinemaldian estreinatu zen duela 38 urte, zehazki, Zabaltegi-New Directors atalean.

Kopia zaharberritu horrek berak Hungariako Zinema Institutu Nazionalak antolatzen duen Budapest Classics Film Marathon jaialdian parte hartu zuen joan den astean, eta beste horrenbeste egingo du urrian Alemaniako Zinematekak bultzaturiko Film Restored–Ondare Zinematografikoaren Berlingo jaialdian.

 

ZAHARBERRITZEA

Ander eta Yul filmaren jatorrizko negatiboa, zeina Espainiako Filmotekan gordetzen baitzen, Boloniara eraman zuten 2025eko irailaren amaieran. Laborategietan aztertu eta eskuz konpondu zen, eta ultrasoinuekin garbitu zen. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeko eta soinua zaharberritzeko faseari ekin zitzaion, eta Bolonian bertan izan ziren Ana Díez eta Gonzalo Fernández Berridi filmeko argazki-zuzendaria, lan horiek gainbegiratzen. Lan horiez gainera, prozesu osoa kontrolatu zuten zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko teknikariek.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.