Aurrezki-Kutxak Azkona Films produkzio-etxeari 1944ean agindutako dokumentala da. Erreportaje honek Entidades Benéficas Españolas izenburupean abiatutako sail baten lehena izan behar zuen, baina ez zuen jarraipenik izan. Filmaren lehen minutuetan, Aurrezki-Kutxaren zenbait sukurtsal ageri dira. Bertan, zenbait emakumezko ikusi daitezke leihatilaren aurrean zain euren aurrezki-libretekin. Ondoren, Aurrezki-Kutxak babestutako hainbat ekimen aipatzen dira: Gota de Leche egitasmoa, emakumezko ikasleentzako edota langileentzako egoitzak, osasun ahuleko haurrei zuzendutako Sukarrietako udalekuak eta Bermeoko Haurraren Etxea.