2025/09/30
Ikusgai izango dira, besteak beste, The Party -El guateque- (Blake Edwards, 1968), Ohayō -Egun on- (Yasujiro Ozu, 1959), Tystnaden -El silencio- Ingmar Bergman, 1963), Freaks (Tod Browning, 1932) edo Örökbefogadás -Adopción- Márta Mészáros, 1975)
Horietaz gainera, Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin zaharberritutako lau film ertainak ere emango dira: Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986)
Gipuzkoa izenaren milurtekoa ospatzeko ekitaldien barruan, Tabakalerak bi saio berezi antolatu ditu, eta Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979) dokumentala emango da
Klasikoak programak hamalau film eskainiko ditu urritik abendura bitartean. Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa), Gasteizen (Artium Museoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect) izango dira saioak. Programa hori Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatua da, eta irailean hasi zen Lillian Hellman zinemagileari eskainitako atzera begirakoarekin eta Klasikoak sailarekin. Biak ala biak Zinemaldiaren egunetan izaten dira, eta, hiruhileko honetan zinemagintzaren historiako pelikula bikainak deskubritzen edo berrikusten jarraitzeko gonbita egiten du.
Zikloa bihar hasiko da Gasteizen Notorius -Encadenados- filmarekin (Alfred Hitchcock, 1946). Ingrid Bergman eta Cary Grant dira pelikula ikoniko horretako protagonistak, eta Luis Alegre kazetari, idazle eta unibertsitate-irakasleak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon antolaturiko saioetan. Jarraian, beste hiru film emango dira: Ohayō -Egun on- (1959), Yasujiro Ozu zuzendariaren azken etapako lan bat, oihartzuna izaten jarraitzen duena gure egunotan ere; The Party -El guateque- (Blake Edwards, 1968) komedia, zeinean jatorri hindua duen antzezle zabar batena egiten baitu Peter Sellers aktoreak; eta Örökbefogadás -Adopción- (Márta Mészáros, 1975), Berlingo Zinema Jaialdian Urrezko Hartza eskuratu zuena. Azken film hori aurkezteko, Hungariako Filmoteka Nazionaleko zuzendari Gyorgy Raduli izango da Donostian.
Kataluniako Filmotekak El amor brujo (Francisco Rovira Beleta, 1967) lana bidaliko du. Proiektu horri esker, bigarrenez hautatu zuten Rovira Beleta Oscar sarietarako. Pablo La Parra Kataluniako Zinematekaren zuzendaria izango da pelikula aurkezten Donostian zein Bilbon. Bestalde, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Begoña del Teso zinema-kritikariak bi klasiko bikain aurkeztuko dituzte Donostian eta Iruñean: Tystnaden -El silencio- (Ingmar Bergman, 1963) eta Freaks (Tod Browning, 1932), hurrenez hurren.
Deskubritu beharreko proposamenen artean, hiru lan ageri dira. Lehenik, Kameradschaft -Carbón- (1931), langileen elkartasun internazionalistari buruzko kontakizun bat, Georg Wilhelm Pabstek zuzendua. Alemaniako Zinematekaren Artxiboaren zuzendari Elisa Jochum izango da Donostian lan hori aurkezten. Bigarrenik, Trotacalles (1951), Matilde Landeta merezi bezain ezaguna ez den zinemagileak zuzendua eta Mexikoko UNAM Zinematekak zaharberritua. Eta, hirugarrenik, Más allá del olvido (Hugo del Carril, 1956) melodrama gotiko argentinarra, zeinaren zaharberritzea Cannesko Zinema Jaialdiaren azken edizioan aurkeztu baitzuten.
Horietaz gainera, bost hirietan ikusgai izango dira Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainak. Laurak ere euskarazko zinemaren proiektu aitzindariak dira, Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberrituak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Gipuzkoa terminoaren milagarren urteurrena aitzakia harturik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Tabakalerak bi saio berezi eskainiko ditu: Euskadiko Filmategiak digitalizatu duen Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979) dokumentala.
Sarrerak Internet bidez eta emanaldi-aretoan bertan erosi ahal izango dira, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik: Bizkaiko hiriburuko saioetarako sarrera fisikoak Arte Ederren Bilboko Museoan egongo dira salgai. Halaber, Bizkaiko hiriburuko lau film ertainak ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak antolaturiko programazioaren barruan emango dituzte.