Atzoko eta gaurko euskal talentua
Azken bost urteetan, Euskadiko Filmategiak gure emakumezko zuzendariei eskaini die euskal zinemaren gaineko urteko zikloa. Bereziki erreparatu nahi izan diegu zinemagileoi, merezi duten bezala aitortu eta goraipatu dadin haien talentua. Orotara emakumezko 53 euskal zinemagileren film luzeak proiektatu dira. Haien pelikulek gure memoria zinematografikoaren parte izan behar dute, zinemagintzak berak gure memoria orokorraren parte izan behar duen bezalaxe. Ezinbestekoa baita memoria gizakiontzat: hura galtzen duena gabeturik gelditzen da bere esentziaren parte handi batez.
Memoriak hainbat modutan gurutzatzen ditu gure zinemagintzari eskainitako ziklo berri honetako obrak; era askotan ematen die esanahia, gisa ugaritan lotzen ditu. Alde batetik, emakumezko zuzendariek oinarrizko protagonismoa jarraitzen dute izaten. Mirentxu Loyarte, Helena Taberna, Lur Olaizola, Bego Zubia Gallastegi, Iratxe Fresneda eta Musidora mitikoa izango dira protagonista saio banatan. Eta, bestetik, memoria loturik dago orain ospatzen ditugun urteurrenekin. Haietako bi orain 25 eta 40 urte estreinatutako filmak dira: lehenbizikoa Yoyes (Helena Taberna, 2000), eta bigarrena, berriz, Fuego eterno (José Ángel Rebolledo, 1985). Era berean, memoriarekin loturik dago zorigaiztoko gerra zibila, heriotza, izugarrizko sufrimendua eta diktadura frankistaren gau azkengabea ekarri zituena. Beste gerra batean daude girotuta Alegría kapitainaren abenturak —karlistaldian, hain zuzen— eta Musidora da gorabehera horien zuzendaria eta protagonista (La capitana Alegría [Pour Don Carlos]; Musidora, Jaime de Lasuén, 1921). Memoria da, berebat, gure herriaren ikus-entzunezko ondarea berreskuratzeko lan egiten duenaren izateko arrazoia (Gure Sor Lekuaren bila; Josu Martinez, 2015). Lur Olaizolak ere memoria berreskuratzen du, kasu honetan, Yoyesena, Ana Torrenten ahotsa baliatuz (Hirugarren koadernoa, 2022). Itzalak argitzen (2026) pelikulan, EITBren ekoizpen propioa, Koldo Almandoz eta Gorka Bilbaoren kamerak, berriz, gertutik jarraitzen die 80ko hamarkadako film ertainen lau zuzendariren memoriari eta oroitzapenei. Lan horiek Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberritu zituzten iaz, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bego Zubia Gallastegik urrunxeago eramango gaitu, eta naturaren memoria jarriko digu aurrez aurre, zeinak berehalaxe hartzen baitu atzera bere tokia, alferrik dauden presak suntsitzearekin bat (Urak aske, 2021). Gogoan izango ditugu, berebat, ilusioz beteriko urteak, neska gazte argentinar bat iritsi eta mutil gazte bilbotar baten ametsak hankaz gora jarri zituzten garaiak; bide batez, ateak zabaldu zizkioten euskal komedia berriari (Pagafantas; Borja Cobeaga, 2009). Zuzendari donostiarrak oraindik ere badu betarik eta indarrik gizaki higienikoegi baten tragedia modernoa erakusteko (Un novio de mierda, 2010).
Amaierarako bi saio oso berezi utzi ditugu, eta haietan ere memoria eta emakumeak dira protagonista. Joan den urte amaieran hil zen euskal zinemagintzaren aitzindarietako bat: Mirentxu Loyarte. Izugarrizko eragina izan zuen gure zinematografian, nahiz eta bi film labur bakarrik zuzendu zituen. Eta iaz bete zituen hamar urte (H)emen Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen Elkarteak. Pentsatu genuen ideia polita izan zitekeela elkarrekin omentzea Loyarte aitzindaria eta (H)emen elkartea. Horretarako, zendutako zuzendariaren lana Iratxe Fresnedaren obra batekin lotu dugu, azken hori baita erakundearen fundatzaileetako bat (Irrintzi, Mirentxu Loyarte, 1978 – Irrintziaren oihartzunak, Iratxe Fresneda, 2016). Eta beste emanaldia, azkenik, euskal zinemagintzak, antzerkiak eta telebistak duen antzezle onenetako eta kutunenetako bati eginiko aintzatespen zintzo eta maitekorra da. Elena Irureta izango da saioaren protagonista, Agur Etxebeste! (Asier Altuna, Telmo Esnal, 2019) filmeko udalburu izateari utzi gabe.