Izenburua, helbidea, aktoreak etab. bilatuko ditu

Klasikoak 2026

Klasikoak 2026

Klasikoetaz hizketan

Klasikoak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak udazkenero antolatzen duten zinema klasiko zaharberrituaren programazioa, hirugarren ediziora heldu da aurten, eta gainera, bost tokitan izango ditu emanaldiak. Baina Klasikoak zikloaren banku handiari eusten dioten hiru hanketako bat baino ez da hori. Irailean izango dira beste biak, Donostia zinemaldia bera egin bitartean: jatorri korsikarreko José Giovanni idazle, gidoilari eta zuzendari handiaren obrari eskainitako atzera begirakoa, alde batetik, eta munduko zinemaren klasiko zaharberrituen hautaketa, bestetik.

Iaz, lerro hauetan bertan esaten genuen nekez aurkituko liratekeela zinema klasikoaren bi aurpegi adierazgarriago zikloaren edizio horretako irudiaren protagonistenak baino: Ingrid Bergman eta Cary Grant. Baina aurkitu ditugu. Ingrid Bergmanek errepikatu egiten du, baina oraingoan Humphrey Bogartekin batera. Agian ez dago film kanonikoki klasikoagorik Casablanca (Michael Curtiz, 1942) baino, non esaten ere ez diren esaldiak ere ospetsu bihurtu baitira («Jo ezak berriro, Sam»). Aukera ezin hobea da Euskadiko Filmategiak orain arte inoiz programatu ez duen klasiko handi hau pantaila handian berreskuratzeko.

Emakumeak dira protagonista ia absolutuak La ciociara -Dos mujeres- (Vittorio de Sica, 1960) filmean: Alberto Moraviaren izen bereko eleberriaren bertsio zinematografikoa, zeinean Sophia Lorenek gerraren izugarrikerietatik ihes egin nahi baitu bere alaba nerabearekin. Gloria Swanson protagonista absolututzat du Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929) filmak, zuzendari austriar megalomanoaren obra neurrigabe eta amaitu gabeak. Bi dira aurtengo ekarpen argentinarreko emakumezko protagonistak. Liv Ullmannek eta Cipe Lincovskyk daramate La amiga (Jeanine Meerapfel, 1988) filmaren pisua: Maiatzaren Plazako Amak agertzen diren lehena da, eta emakumezko interpretaziorik onenaren Zilarrezko Maskorra eman zien bi aktoreei urte hartako Zinemaldian. Isabelle Adjanik metraje eta pantaila ia osoa hartzen du La reine Margot -La reina Margot- (Patrice Chéreau, 1994) film bikainean: Margarita Valoiskoari buruzko biopic bat da –Alexandre Dumasen idazlana oinarri–, historiako zinema historikoaren erakusgarri onenetakoa. Eta era berean protagonistak dira, oso beren gogoz kontra, Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971) film norvegiarreko sexu-erasoen emakumezko biktimak ere: gaurkotasun tamalez handiegiko drama etsigarria. Eta nahiz eta bikote bat izan (polizia batek lagundua) Spielbergen lehen filmeko protagonista, ikuskizunaren erregina nagusia, zalantzarik gabe, Goldie Hawn da. Pertsonaia kontraesankorra berea, maitagarria eta gorrotagarria tarteka, The Sugarland Express -Loca evasión- (Steven Spielberg, 1974) horretan.

Gizonezkoak protagonista dituzten filmei dagokienez, Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961) filmeko Toshiro Mifunerekin hasiko gara: samurai garaiezin eta trufaria, gerora Sergio Leonek A Fistful of Dollars -Por un puñado de dólares- (1964) filmean berreskuratuko zuena. Gizon bat da, orobat, El cebo (Ladislao Vajda, 1958) film zirraragarriko protagonista: ekoizpen espainiarrekoa baina Suitzan eta alemanez filmatua, neskatoen hiltzaile baten istorio ilun-iluna da, Suitza idilikoan girotua. Eta zinemaren historiako beste irudi ikoniko bat Harold Lloydena da, eraikin bateko erloju baten orratzetik zintzilik, Safety Last! -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923) filmaren une gorenean, non Lloydek bere bizia arriskatzen baitu –literalki– neskatxa baten maitasunagatik.

Amaierarako utzi dugu gizonezko protagonista duen beste film bat, emakume batek zuzendua, kasu honetan: Ander eta Yul (Ana Díez, 1989), Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babespean zaharberritu duten azken filma. Terrorismoak, errepresioak eta drogak burdina goriz markatutako urte ilun haietaz mintzo den zinta horrek bizi berri batez gozatuko du, eta oraindik aukerarik izan ez duten publiko batzuek ere hura partekatu ahalko dute.

Zinema klasikoaren oturuntza handi bat, baxera modernoan zerbitzatua. Nuccio Ordine filosofo eta irakaslearen arabera, klasikoek izaera bizia eta denboraz gaindikoa dute: bizitzearen artea irakasten digute, errealitatearen gainean begirada analitikoa lantzen laguntzen digute, aurreiritzirik gabeko jakin-mina pizten dute eta gure enpatia lantzen dute. Literaturarako zein zinemarako balio du horrek. Eta Klasikoak zikloak azpimarratu egiten du.

Data

2026/09/28 - 2026/12/20

Lekua

Bilbo
Donibane Lohizune
Donostia
Gasteiz
Iruñea
Zikloaren programa (PDF)

Trailerra

Zikloaren emanaldiak: Klasikoak 2026


Egoitzak

Bilbo

  • Arte Ederren Bilboko Museoa 

    Museo plaza, 2
    48009 Bilbo
    Email: info@bilbaomuseoa.eus

  • +34 944 396 060
  • info@bilbaomuseoa.eus
  • www.bilbaomuseoa.eus
  • Edukiera

    206 eserleku
    Bizkaia Aretoa: 427 eserleku

  • Sarreren salmenta

    Museoko leihatilan eta www.bilbaomuseoa.eus webgunean:
    · Ohiko zinema emanaldia: 3,50€ (Museoaren Lagunak: 2€).
    * 25 urtetik beherakoak: doan (museoko leihatilan jaso behar da sarrera).

Donostia

  • Tabakalera

    Andre Zigarrogileak plaza, 1
    20012 Donostia 

  • +34 943 118 855
  • info@tabakalera.eus
  • www.tabakalera.eus
  • Edukiera

    229 eserleku

  • Sarreren salmenta

    Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten (sarrerak.tabakalera.eus).
    · Ohiko zinema emanaldia: 4€.
    * Donostia Kultura eta Tabakalera txartelekin: -%10.

     



Gasteiz

  • Artium Museoa, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa

    Frantzia kalea, 24
    01002 Gazteiz

  • +34 945 209 020
  • museo@artium.eus
  • www.artium.eus
  • Edukiera

    141 eserleku

  • Sarreren salmenta

    Museoko leihatilan eta www.museobilbao.com webgunean:
    · Ohiko zinema emanaldia: 3,50€ (Museoaren adiskideak: 2€).
    * 25 urtetik beherakoak: doan (museoko leihatilan jaso behar da sarrera).

Iruñea

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.